HABEren bigarren deialdiko azterketak urrian hasiko dira, eta abenduan bukatu (egutegia ikusteko egin klik hemen), eta azterketak egin ahal izateko matrikula-epea zabalik egongo da irailaren 27tik urriaren 4ra bitartean.
Matrikula egiteko sartu HABEren webgunean eta egin kasu jarraibideei.
Gogoratu, bestalde, 2012-2013 ikasturtean zehar azterketaren bat gainditu baduzu dirulaguntza eskatzeko aukera duzula, urriaren 3ra arte.
Bagera elkarteak duela 20 urte sortu zuen Mintzalagun programa Donostian, eta, orduz geroztik, Euskal Herriko Txoko guztietara zabaldu da egitasmoa. Donostian bertan, egun, 240 mintzalagun daude. Hala ere, gehiago behar dira.
Egitasmoaren helburua garbia da: euskaraz hitz egiteko inguruneak sortzea. Mintzalagunei esker, euskara ikasten ari direnek euskaraz aritzeko ingurunea topatzen dute, eta beren euskara maila asko hobetzen dute. Aldi berean, bai ikasleek eta baita mintzalagunek ere, lagun berriak egiten dituzte, eta asko ikasten dute batak bestearengandik.
Parte hartu nahi izanez gero, edota informazio gehiago lortzeko deitu Bagera elkartera: 943 46 71 81. Bagera elkartearen webgunea ere ikus dezakezu.
2013-2014 ikasturterako matrikula-epea zabalik egongo da irail osoan zehar.
Maila guztietarako ikastaroak ditugu, baita online ikastaroak eta talde jakin batzuetara egokitutako ikastaroak ere. Gerturatu gure bulegora, deitu telefonoz edo begiratu gure webgunean, eta aukeratu hobekien egokitzen zaizun ikastaro-mota eta ordutegia.
Gainera, dirulaguntzak jaso ahal izango dituzue matrikula egiten duzuen ikasleek. Batetik, langabetuentzat euskara ikastaroak doan emango dira (horretarako eman izena irailaren 20a baino lehen). Bestetik, aurtengo ikasturterako matrikula egiten duzuen gainontzeko ikasleentzat ere izango dira dirulaguntzak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eskutik (dirulaguntza hauek jasotzeko eskaera irailaren 16tik azaroaren 8ra bitartean egin behar da).
Ez galdu aukera! Gogoratu: "Euskara, zure sare sozialik onena!"
2013-2014 ikasturterako matrikulazio-epea irekita egongo da irailean zehar, eta euskara ikasteko ahalegina egiten duzuen ikasleak laguntzeko, dirulaguntzak emango ditu Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak. Dirulaguntza horiek irailaren 16tik azaroaren 8ra eskatu ahal izango dira.
Dirulaguntzak emango zaizkie urritik aurrera hasiko diren ikastaroetan izena ematen duten ikasleei, ondorengo baldintzak betetzen badituzte: 16 urtetik gorakoa izatea, Donostian erroldatuta egotea edota egoitza soziala Donostian duen entitate edo zerbitzu enpresa batean lan egitea, euskaltegi batean matrikulatzea, eskabidea behar bezela betetzea eta epe barruan aurkeztea, eta ikasturte amaieran gutxienez urrats bat gainditu eta %85eko asistentzia egiaztatzea.
Eskaera egiteko Euskara Zerbitzura jo behar da (Konstituzio plaza 2). Edo ziurtagiri elektronikoa duten herritarrek (NAN elektronikoa, Izenpe...) on-line egin ahal izango dute eskaera www.donostia.org edo www.euskaraz.net webguneetan.
Bestalde, Euskara Zerbitzuak dirulaguntzak emango dizkie, baita ere, 2014ko otsailetik ekainera bitarteko ikastaroetan, barnetegietan, auto-ikaskuntza ikastaroetan eta udako ikastaroetan izena ematen duten ikasleei. Dirulaguntza hauek jasotzeko eskabideak ikastaroa hasi eta hilabetearen barruan egin beharko dira.
Era berean, langabetuek ere izango dute aukera euskara klaseak doan jasotzeko, eta izena emateko epea zabalik dute dagoeneko, irailaren 20ra arte.
Dirulaguntza guztien berri jakiteko jo Euskara Zerbitzuaren webgunera, eta arretaz jarraitu "Euskara, zure sare sozialik onena!" kanpaina.
Langabetu donostiarrek doako euskara klaseak jasotzeko aukera izango dute urriaren 9tik abenduaren 5era bitartean. Matrikulazio-epea irekita egongo da irailaren 20ra arte.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako doako ikastaro hauek jasotzeko baldintzak hauek dira: Donostian erroldatuta egotea, 18 urtetik gorakoa izatea eta langabetua izatea. Klaseetara joatea derrigorrezkoa izango da.
Klaseak astelehenetik ostiralera emango dira, goizeko 10:30etik eguerdiko 13:45ak arte.
Informazio gehiago jaso eta izena emateko aukera duzu hemen.
Dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik izango dute HABEren euskara-mailak egiaztatzeko probaren bat edo baliokideren bat gainditu duten ikasleek, irailaren 4tik urriaren 3ra bitartean.
Dirulaguntza hauek eskatzeko hainbat baldintza bete behar dira. Besteak beste, 2012ko ekainaren 1etik 2013ko abuztuaren 31ra bitartean matrikulatuta egotea euskaltegiren batean edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu batean eta 2012ko bigarren deialdian edo 2013ko lehenengoan HABEren mailaren bat edo baliokideren bat ziurtatzen duen azterketaren bat gainditu izana. Baldintza guztien berri jasota dago HABEren webgunean.
Baldintza guztiak betez gero, jo ikasleen sarbidera, eta bertan HABEren proposamena ikusiko duzu. Ados egonez gero, osatu datu-orria, eta nahikoa izango da. Ados ez bazaude edo HABErenaz gain beste azterketaren bat gainditu baduzu, bete formularioa eta inprimatu, matrikuletan ordaindu duzunaren ziurtagiria euskaltegian eskatu eta bi agiriok (eta lortu duzun beste euskara-agiria, hala bada) HABEren Bilboko, Gasteizko edo Donostiako egoitzetan entregatu.
Zalantzarik izanez gero, galdetu gure bulegoan. Edo, nahiago baduzu, HABEra jo dezakezu zuzenean, bai telefonoz (943022600), bai posta elektronikoz (Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.).
Uda bukatzearekin batera ikasturte berriari ekingo diogu. 2013-2014 ikasturtea laster hasiko da. Hori dela eta, Legazpi 6 euskaltegian ere martxan jarri gara. Irailaren 2an irekiko dugu matrikula-epea.
Maila guztietarako ikastaroak ditugu, baita online ikastaroak eta talde jakin batzuetara egokitutako ikastaroak ere. Gerturatu gure bulegora, deitu telefonoz edo begiratu gure webgunean, eta aukeratu hobekien egokitzen zaizun ikastaro-mota eta ordutegia.
"Euskara, zure sare sozialik onena".
Donostiako Euskara Zerbitzua eta HABE (Eusko Jaurlaritza).
Uda bukatzear da, eta laster izango ditugu berriro ere azterketak gainean. Horregatik, irailaren 2tik aurrera, azken klase intentsiboak emango ditugu, goiz eta arratsaldez, EGA eta HABEren bigarren deialdiko azterketak prestatzeko. Edozein argibidetarako edota ikastaro intentsiboan izena emateko gerturatu gure bulegora edo deitu telefonoz.
Gogoratu, EGAren bigarren deialdiko azterketa irailean bertan hasiko dela. Irailaren 21ean egingo da atariko proba; urriaren 5ean, proba idatzia; eta azaro bukaeran, ahozko probak. Hona hemen egutegia.
HABEren bigarren deialdiko azterketak, berriz, urrian hasiko dira. Matrikula-epea irailaren 27tik urriaren 4ra egongo da zabalik. Informazio gehiago topatuko duzue HABEren webgunean.
Eutsi azken txanpa honetan!
Urritik aurrera merkatari eta ostalarientzako euskara klaseak emango dira, Donostiako Euskara Zerbitzuaren eta hiriko merkatarien eta ostalarien elkarte eta federazioen eskutik. Matrikulazio-epea abuztuaren 26tik irailaren 6ra egongo da zabalik.
Ikastaroak bi helburu nagusi ditu. Batetik, aipaturiko gremioetako langileek euskara ikasteko lehenengo urratsak ematea, bezeroekin euskaraz aritu ahal izateko. Bestetik, euskara dakitenentzat, hizkuntza-ezagutza eta idatzizko komunikazio-gaitasuna zabaltzea.
Izen-ematearen inguruko xehetasun gehiago jakiteko, eta eskabide-orria eskuratzeko, jo Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzura.
Dagoeneko ia ahaztuta izango duzue, baina 2012-2013 ikasturtean gogor aritu zarete lanean, eta oporrak hartu baino lehen euskara azterketak egin dituzue askok. Baita gainditu ere! Orain, ziurtagiriak jasotzeko garaia da.
HABEko lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailako azterketak gainditu dituzuenek ikasleen sarbidera jo eta bertan eskatu behar duzue ziurtagiria, Agiriak atalean. Ordaindu beharreko tasa 19,83 eurokoa izango da (eta 1,84 eurokoa, duplikatua eskatu nahi izanez gero). Eskaeren inguruko informazio gehiago eskura duzue HABEren webgunean.
EGA gainditu duzuenek, berriz, 21 euroko tasa ordaindu beharko duzue aukeran ematen den kontu korronteetako batean, edo Zuzenean zerbitzuko bulegoetan lor daitekeen inprimakia erabiliz. Ziurtagiria nola eskuratu jakiteko argibide gehiago dituzu hemen.
Hemen da! Iritsi da Donostiako Aste Nagusia! Legazpi 6 Euskaltegian irrikaz gaude jai giroan murgildu eta astebetez ondo pasatzeko. Hori horrela, jai egun pare bat hartuko ditugu. Klaseak izango dira abuztuaren 12tik 14ra, baina jai egunak hartuko ditugu abuztuaren 15 eta 16an.
Zortzi egunetan zerekin gozatu izango da Donostian. Zuek ere aprobetxatu eta ondo pasa! Hemen dituzue Donostiako Aste Nagusiko Egitaraua eta Donostiako Piraten Egitaraua. Jaiei hasiera ofiziala emango dien kanoikada larunbatean egingo da, 19:00etan Alderdi Ederren. Baina goizean goizetik giroa prestatzeko hainbat ekintza izango dira.
Ondo pasa eta gozatu, euskaraz!
Gaur bertan argitaratu dira HABEren euskara-mailak egiaztatzeko gaitasun-proben emaitzak. 1, 2, 3 eta 4. mailako azterketen emaitza guztiak argitaratu dira. Horiek ikusteko, jo orrialde honetara: ikasleen sarbidea.
Zorionak gainditu duzuen guztioei! Eta gainontzekoei, animo! 2013ko azterketen bigarren deialdia urrirako espero da. HABEko webgunean argitaratuko dute bigarren deialdiko egutegia, eta Legazpi 6 Euskaltegiko webgune honetan ere emango dugu deialdi horren berri.
EGA azterketa egiteko bigarren deialdirako matrikulazio-epea zabalik dago uztailaren 1etik 15era. Matrikula Internet bidez egiteko egin klik webgune honetan. Arazorik izanez gero, Zuzenean zerbitzura jo dezakezu.
Behin-behinekoa bada ere, EGA azterketa egiteko egutegia zehaztuta dago, eta, horren arabera, azterketaren lehenengo zatia, atariko-proba, irailaren 21ean egingo da. Proba idatzia, berriz, urriaren 5ean egingo da, eta ahozko-probak azaro bukaeran egingo dira.
Informazio gehiago jasotzeko EGA azterketaren bigarren deialdiko orrialdera jo dezakezu.
Eskaintza berezia dugu azken bi urteetan gure ikasle izan zaretenontzat. 2013-2014 ikasturterako matrikulazio-epea ireki dugu, eta zuentzat merkeagoa izango da, izena lehenbailehen emanez gero. Hain zuzen, bi abantaila izango dituzue aurrematrikula orain eginez gero.
Batetik, datorren ikasturteko prezioa 2012-2013 ikasturterako ordaindutako bera izango da; ez zaizue prezioa igoko. Bestetik, lehentasuna izango duzue ordutegia eta taldea aukeratzerakoan.
Eta lasai egon, aurrematrikula orain egitean ez duzue dirurik aurreratu behar!
Animatu eta eman izena lehenbailehen gure webgunearen bitartez edota gure bulegoan.
Laster arte!
Aurten ere, udan mintzapraktika egiteko taldeak osatzeko asmoa du Bagera elkarteak. Izen-ematea zabalik dago, ekainaren 25era arte, eta gure bulegoan bertan egin dezakezue.
Saioak uztailean eta abuztuan izango dira. Hilabete baterako izena emanez gero, matrikula 30 eurokoa izango da, eta bi hilabeteetarako izena emanez gero, 50 eurokoa. Baina ikasturte honetan zehar gurekin ikasten aritu bazara, eskaintza berezia egingo dizugu: 20 euro ordainduko dituzu hilabete baterako izena emanez gero, eta 30, bi hilabeteetan parte hartu nahi izanez gero.
Animatu, eta dantzarazi mihia udan ere!
HABEren euskara maila egiaztatzeko proben emaitzak argitaratu dira. Entzumen, irakurmen eta idazmen probak gainditu ote dituzuen jakiteko ikasleen sarbidea erabili. Ahozko azterketa egiteko egokitu zaizuen eguna, ordua eta lekuaren berri ere, bertan izango duzue.
Zorionak gainditu duzuen guztiei! Eta gainontzekoei, ez etsi!
Udan deskantsatzea gustatzen zaigu, eta, egia esan, denetarako denbora izaten dugu. Baita ikasten jarraitzekoa ere! Ez da ez, garai txarra denbora ondo aprobetxatu eta gure euskara maila hobetzeko, denbora gehiago izaten baitugu.
Aurten, gainera, HABEren bidez dirulaguntzak emango zaizkie euskaltegietako ikasleei eta euskara mailak egiaztatzeko gaitasun-probaren bat gainditzen dutenei. Urrian gaitasun-probetarako bigarren deialdia egingo da, beraz, hauxe da momentua euskarari astindu on bat eman eta gure burua azterketetarako ondo prestatzeko!
Legazpi 6 Euskaltegian zure neurrira egokitutako udako ikastaro trinkoak prestatu ditugu; uztailean, abuztuan eta irailean emango dira klaseak, goizez nahiz arratsaldez.
Izena emateko, etorri gure bulegoetara, edo jarri gurekin harremanetan gure webgunearen bitartez.
Laster arte!
Ekaina gogotsu hasteko, eta ikasturtea agurtzeko, bi irteera prestatu ditugu. Parte hartu nahi izanez gero, eman izena lehenbailehen bulegoan.
Lehenengo irteera ekainaren 4an egingo dugu. Ondarroara joango gara, goizeko 09:45ean trena hartuta, Amarako Eusko Treneko geltokian. Goizean herria ezagutzeko aukera izango dugu, gida batek lagunduta. Ondoren, ahal izanez gero, kontserba lantegi bat ikusiko dugu. Goiza borobiltzeko, bapo bazkalduko dugu Ondarroako Sutargi jatetxean. Bukatutakoan itzuliko gara etxera.
Ekaineko hurrengo txangoa hilaren 11n egingo dugu. Kasu honetan, Zumaia ezagutuko dugu. Amarako Eusko Treneko geltokian hartuko dugu trena goizeko 08:45ean. Behin Zumaian, Elorriaga auzoraino egingo dugu ibilalditxoa, Flyschak ikusiz (beti ere, eguraldiak laguntzen badu!). Ahal izanez gero, itsasontziz ere egingo dugu bueltatxo bat. Herrira itzulitakoan bazkaldu egingo dugu, eta, ondoren, etxera itzuliko gara.
Animatu, eta etorri gurekin!
Gain-gainean ditugu azterketak.
Maiatzaren 17an, 1., 2. eta 3. mailako HABEko entzumeneko eta ulermeneko probak egingo dira Legazpi 6 Euskaltegiaren Antiguako egoitzan, arratsaldeko 16:00etan hasita. 4. mailakoen probak, berriz, maiatzaren 20an egingo dira Legazpi 6 Euskaltegiaren Alde Zaharreko egoitzan, arratsaldeko 16:30ean hasita.
Idazmeneko proba maiatzaren 25ean egin beharko dute guztiek, Gipuzkoako Campuseko Ignazio Maria Barriola Eraikinean (Gelategian).
IVAPeko 1., 2., 3. eta 4. hizkuntz-eskakizunetako azterketa idatziak maiatzaren 18an egingo dira Donostian, Bilbon eta Gasteizen. (Ikusi hemen ordutegiak).
EGA azterketaren ahozko-probak ere berehala izango dira. Maiatzaren 24an, 25ean eta 31n, eta ekainaren 1ean egingo dira proba hauek. Abizenaren arabera egokitutako lekua eta ordua ikusteko, jo hona.
Zorte on eta animo guztioi!
HABEren euskara-mailak egiaztatzeko gaitasun-probak hil honetan hasiko dira. Proba hauek egin ahal izateko matrikula egitea derrigorrezkoa da, maiatzaren 3tik 10era bitartean.
Lehenengo probak entzumenezkoak eta irakurmenezkoak izango dira, eta euskaltegietan egingo dira, maiatzaren 17tik 21era bitartean. Idazmen proba, berriz, maiatzaren 25ean egingo da. Proba hauen guztien emaitzak ekainaren 20an argitaratuko dira. Azkenik, 1. eta 2. mailako mintzamen probak ekainaren 27, 28 eta 29an egingo dira, eta 3. eta 4. mailakoak, berriz, uztailaren 4, 5 eta 6an. Informazio gehiago lortzeko, jo HABEren orrialdera.
IVAPeko idatzizko azterketak, berriz, maiatzaren 18an egingo dira, Gasteiz, Bilbo eta Donostian. Informazio gehiago lortzeko, jo IVAPen orrialdera.
Maiatzaren 3tik 10era egongo da zabalik HABEren euskara-mailak egiaztatzeko gaitasun-probetarako matrikula-epea.
Matrikula egin ahal izateko, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologaturen batean matrikulatuta egon behar da, eta dagokion maila gainditua eduki behar da euskaltegi horretan.
Gaitasun-proba egiteko izen-ematea internet bidez egingo da, www.habe.euskadi.net atarian ikasleen sarbidean klik eginez. Bertan sartzeko, norberak dituen erabiltzailea eta pasahitza baliatuko dira. Maila bakoitzeko matrikula 30 eurokoa izango da. Azterketak egiteko onartuen zerrenda maiatzaren 13tik 15era argitaratuko da.
Argibide gehiago hemen.
Dagoeneko jarri zaigu martxan 2013 urtea, eta horrekin batera heldu diogu geuk ere, berriro, euskara jorratzeko bideari. Ongi etorri ikasle eta lagunok. BIDELAGUN izango gaituzue!
“Egin kosk euskarari”: Donostiako euskaltegiek zabaldu dute euskara ikasteko matrikulazio epea. Udaleko Euskara Zerbitzuak ematen dituen diru laguntzak irailaren 17tik azaroaren 9ra eskatu ahal izango dira.
ANTIGUA: Guridi Maisua z/g 20008 Donostia | ALDE ZAHARRA: Kanpandegi 1 20003 Donostia | Tel. 943 219 907 | Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
Garapena: Kultur Atelier eta BIT&MINA